XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. Sarrera

Eskola tradizionala ikaslearen buruan ideiak eta kontzeptuak pilatzen saiatzen zen.

Hori zen irakaskuntzaren helburua.

Kanpotik antolaturik emandako kontzeptuak bereganatu behar zituen ikasleak, jarrera hartzaile eta berproduzitzailean.

Piaget eta Vygotskiiren berrikuntzarekin, barne-eraikuntzaren prozesu bezala ulertuko da ikaskuntza; eta inguruarekiko elkarreraginetik sortuko da esanahia.

Bide honetatik, curriculumaren egitekoa, ikaslearen ezagutzaren berreraikuntza-prozesuarekin bat etorriz, hura bultzatzeko bideak jartzea izango da.

Irakaskuntza tradizionala, diziplinaren kontzeptu-sarean zentratzen zen.

Aurkikuntza bidezko irakaskuntza ikaslearen jarduera eta prozesu psikologikoetan zentratzen zen.

Irakaskuntza berreraikitzailea diziplinaren kontzeptu-sarean eta ikaslearen prozesu psikologikoetan oinarritzen da.

Beste era batera esanda, ikaskuntza esanguratsuak, adierazgarritasun logikoa eta psikologikoa behar ditu.

Lehen baldintza bezala, barne-logika bat, barne-egitura bat izan behar du edukiak; esanahi bat eduki behar du beregan, hau da, adierazgarritasun logikoa.

Edukia gutxi egituratua edo lausoa bada, ezingo du esanahirik eraiki.

Bigarren baldintza, eduki berri hori, haurrak aurrez ezagutzen duenarekin harreman ez-arbitrarioan jarri ahal izatea da, aurrez eraikitako esanahizko sareetan txertatu ahal izatea.

Honi deritzo adierazgarritasun psikologikoa.

Adierazgarritasun psikologiko honetarako, beraz, garrantzi handia ematen zaio haurrak aurrez dakienari, ezagutza berriak lortzeko garaian.

Ikaskuntza esanguratsu gehienak menpeko ikaskuntzak dira.

Material berria, aurretiko ezagutzen egituran txertatzen da.

Horretarako, kontzeptu berriaren eta aurretiko ideia orokorraren artean, zubi kognitibo bat behar da, aurretiko antolatzaile moduan jokatuko duena.

Antolatzaile hori ikaslearen aurretiko kontzeptuen sareko kontzeptu giltza bat izan ohi da.

Gizakiaren garapena bultzatzea jar daiteke hezkuntzaren helburu bezala.

Baina, garapenaz ere ikuspegi desberdinak daude.

Batzuentzat, moldaeraren beheko mailetatik goiko mailetara eboluzionatzen duena da pertsona garatua; inguru fisikora eta gizarte ingurura moldatzearekin loturik dago garapena.

Besteentzat, azalpen, kontzeptu, trebetasun, balio, ohitura eta arau pila bat ikasi dituena da pertsona hezia; modu horretara, ingurune fisikoarekin eta gizarte-ingurunearekin elkarreraginean egon daiteke.

Ikuspegi kognitibo-ebolutiboan finkatzen direnentzat, eduki eta trebetasun espezifikoak irakasteko ahaleginak alferrikakoak dira garapenerako.

Hauentzat, benetan garrantzitsua dena, gaitasun eta konpetentzia kognitibo orokorra lortzea da.

Hezkuntzaren helburua garapen maila unibertsala lortzea izango da.

Kontzeptu eta trebetasunen eskurapenaren ikuspegitik ari direnek esaten dute, haurraren garapeneko estadioak unibertsalak badira, ez daudela ikaskuntza espezifikoen baitan;

haur-hezkuntzan eman daitekeen laguntza espezifikorik gabe ere, eragiketa konkretuetara heltzen bada haurra, alferrikakoa dela hezkuntzaren etapa horretako helburu bezala eragiketa konkretuen lorkuntza jartzea.